XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zortzi senide izan ziran: Maria Bautista, Inazio Maria, zortzi egunekin illa; Jose Maria; Jose Agustin, gure bertsolaria alegia; Jose Domingo; Maria Josefa, iru illebeterekin illa; Franziska Paula, bost urterekin illa; ta Maria Franziska, lau urterekin illa.

Karlisten gerratea sortu zanean, Frantzira aldegin zuan fameli guziak.

Gerretatik iges egiteko, motibo asko dago beti noski, bañan, gure iritzirako, fameli onek beste motibo berezi bat ere bazuan: bizi ziran bi seme zaarrenak soldadu-urteak zituzten, ta, emen gelditurik, fusilla artzetik nekez libratuko ziran.

Frantzira sartu ziran egunean bertan, topo egin zuten auzoko beste fameli bat, au ere mugaz beste aldera iges eginda.

Ixil-ixilik gauzak antolatuta, ta alkarri batere esan gabe, asmo bera izana zuten, baita egun berean toki berera joan ere.

Urruña`ko errian, Beiñapaita etxean, bizi izan ziran gerra-urteetan.

Berak ez-ezik, Orio inguruko zenbait fameli ere bai.

Gerra bukatu zanean, batzuek bertan gelditu ziran.

Ondorengoak antxe bizi dira gaurko egunean ere, ta Orio`tik ara iñor, desertore-edo, joaten baldin bada, aietara bide egiten du, ta oso ondo artu ta laguntzen diote.